IRITZIA | Sortzaileak
– Leire Narbaiza (@txargain), irakaslea:
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2979/sortzaileak
IRITZIA | Sortzaileak
– Leire Narbaiza (@txargain), irakaslea:
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2979/sortzaileak

Iraila. Oporren amaiera. Lanera buelta. Pilak kargatzea, kontzeptu gisa. Noiztik gara Duracelleko untxitxoak? Ikasturte hasierako asmoak. Tira, Joxe, ahalegina egin behar duzu apur bat optimistago ikusteko gauzak, saiatu alderdi ona bilatzen! Ondo, ahaleginduko naiz. Iuju! Gora iraila eta gora buelta!
Aber, ni saiatzen naiz, e? Baina benetan, ikuspegi optimista mantentzearena gero eta zailago dago! Ikasturtea hasteko, blogari errepasotxo bat eman, kontu batzuk eguneratu, eta hara non iritsi naizen behe aldean dudan ikurtxo horretara, adierazteko hemen eskuz sortzen direla edukiak, eta ez automatizazio probabilistikoz. Bada denboratxo bat notbyai ekimeneko ikurtxoak euskaratu eta bertan erabiltzen hasi nintzela. Suposatzen zen notbyai mundu mailako ekimen bat dela, jendea animatzeko eduki originala sortzera, AA bidezko refritoen ordez. Estatu Batuetan sortutako erakunde bat izateak errezeloak sortu zizkidan lehen minututik, baina tira…
Bueno, ba hara non, oporretatik bueltan Mastodonen sartu eta ikusi dudan lehena den abisu luze bat, notbyairen atzean Estatu Batuetako ‘AI Bro’ bat dagoela, eta bere benetako helburua dela eskuz sortutako eduki originala azkarrago topatzea, bere makinak eduki osasuntsuagoaz elikatzeko.
Hau da: beste soziopata batek sortu du ‘zerbitzu’ bat, aurretik esaten duena “ei, lagunduko dizut AArik gabeko edukia sortzen eta sustatzen”, baina atzetik dio “jijiji, orain askoz errazago topa dezaket AArik gabeko edukia, nire AA eduki hobeaz elikatzeko”. Jakina denez, tekno-oligarkek arazo handi bat dute AArekin: automatikoki berrosatutako edukia hainbeste zabaldu da, makinak eurak eduki horrekin elikatzen ari dira. Eta, garai bateko fotokopiekin bezala, makinek sortutako edukiaren kalitatea gero eta azkarrago degradatzen ari da. Horregatik ari dira, besteak beste, liburu zaharrak milaka erosten, AA ditxosozkoak kutsatu gabeko eduki originalak irentsi ahal izateko.
Osti txarrez jarri nau notbyai horren kontuak, zer nahi duzue esatea. Azken boladan sarritan entzuten dut ultraeskuinaren hedapena errazten ari den fenomenoen artean dagoela kontsentsu sozialen suntsipena. Duela gutxi arte baziren adostasun minimo batzuk, zer den egia eta zer ez, adibidez, edo gutxienez sozialki onartutako egia batzuk. Orain oinarrizko zientzia ere iritzia dela hedatu dute gure informazio dieta bereganatu duten influencer eta abarrek. Eta zer den ona eta zer den txarra ere, zer den sozialki onargarria eta zer ez, ba hori ere kolokan dago. Arrakastaren izenean erabat zilegi da enpresa batek bezeroei gauza bat esan, eta benetan bezero horien interesen aurka doan guztiz bestelako zerbait egitea. Eta hemen ez da ezer pasatzen! Berrikuntza, lagunok! Entrepreneurtasuna! Arrakasta!
Total: gutxi iraun didala ikasturtea umore onez hasteko asmoak . Eskerrak, gutxienez, notbyai ikurra ordezkatu eta behean ikusten duzuen izaera irekiko ‘AArik gabe’ hori jarri ahal izan dudan. Hemen etiketa horien webgune ofiziala, momentuz ingelesez eta frantsesez, eta hemen berriz, Miren handiak egindako euskaraketa, ofizialtzat hartzeko zain dagoena. Mila-mila esker!
A, ba ikusi, azkenean irribarretxo batekin bukatu dut sarrera hau. Gora fedibertsoa, redios! :)


Bitxia da batzuetan ideiak nola etortzen dira, olatuka bezala. Astebete ere ez da Kanadako ekimen honen berri ikusi nuela, eta harez geroztik dozenaka aldiz agertu zait ideia hori han-hemenka modu ezberdinetan formulatuta.
Ideia sinplea baina oso interesgarria iruditzen zait: “adimen artifizialaren” gerran, megakorporazioak garaitu zaizkigun bataila garrantzitsua da hizkuntzarena. Marketin erreklamo hutsak direnak (“adimen artifizial” izendapenetik bertatik hasita), bizkarrezurrean tatuatu dizkigute, errepikatzearen errepikatzeaz, eta konturatu orduko erabat geureganatu ditugu.Izena duenak izana ere badu, bai… eta gainera, nolako izena duen ere, ba halakoxea izango du izana, geure buruan behintzat.
Beraz, automatizazio sistema probabilistikoak inguruan sortzen ari zaizkigun hondamendi kognitiboari buelta eman nahi badiogu, beharbada egin behar dugun lehen gauzetako bat da gauzei behar bezala deitzea.
Estatu Batuetako tekno-oligarkek gai honen inguruan inposatu diguten lexikoak badu ezaugarri orokor oso ahaltsu bat, gure defentsa kritiko guztiak lurrera botatzeko ezin egokiagoa. Teknologia antropomorfizatzen1 saiatzen dira. Sistema hauek gure gogoan izaki bizidunen kaxoian sartzera bultzatzen gaituzte, eta ez tresnen kutxan, haiekin enpatia sortu, eta inondik inora ez dituzten ezaugarriekin lotu ditzagun.
Zehazki, hiru ezaugarri hauetatik bereizi behar ditugu software probabilistiko hauek:

Baina tira, utzi dezagun alde batera mezu pesimista, eta jar gaitezen modu eraikitzailean. Nola aldatu dezakegu gure hizkera goiko puntu horiek, eta beste batzuk ere, aldatzen hasteko? Hona proposamen xume-xume bat, ingelesezko Mistery AI Hype Theater 3000 podcasteko lagunen newsletter honetan oinarrituta.
Hartu kontua mesedez, holaxe: abioko proposamen gisa. Adibideak zuzenean hartu ditut ingelesezko testutik, eta seguruenik ez dira egokienak euskararako, baina ideia orokorra oso ahaltsua iruditzen zait, beharbada denborarekin denon artean euskarazko hiztegi majo bat osa genezake.
Kategoriarik ohikoena izango da, bete-betean jotzen baitu ‘adimen artifizial’ marketin-kontzeptuaren muinean bertan. Korporazioek pentsatzen duten sistemen inguruan hitz egiten diguten bitartean, errealitatea oso bestelakoa da. Sistema horiek ez dute ezer ulertzeko, jakiteko eta are gutxiago interpretatzeko ahalmenik. Kalkuluak eta bestelako eragiketa algoritmikoak egiten dituzte. Estatistika tresna hiperbitaminatuak dira, ez besterik. Pentsatu, pertsonak pentsatzen du, ez makinak.
adimen artifizial → automatizazio probabilistiko
adimen hibrido → giza adimen hedatua
irudi ezagupen → irudi etiketatze
ahotsaren ezagutza → transkripzio automatiko
txatbotak onak dira XXX egiten → txatbotak onak dira XXX egiteko (egiten laguntzeko)
haluzinazio → emaitza baztergarri
Oro har, gomendioa da ez erabiltzea AA edo adimen artifizial terminoa teknologiok izendatzeko. Onartu liteke ‘AA industriaz’ hitz egitea, edo adimen artifizialaz hitz egitea ideologia gisa. Baina adierazitakoa sistema teknologiko jakin bat denean, hobe da sistema bera izendatzea. Izan liteke produktu jakinen bat, edo funtzio jakin bat duen sistema, ‘transkripzio automatikoa’ bezala, Edonola ere, garrantzitsua da antropomorfizatzen ez duten izenak bilatzea. Hitz orokorrago bat behar izanez gero, ‘automatizazio probabilistikoa’ hitz egokia izan daiteke ‘AA’ gisa saltzen diguten gauza gehienentzat.
Haluzinazio ere zerrenda horretan dago, noski. Bere jatorrizko esanahia da ‘bertan ez dauden gauzak hautematea’, baina software sistemek, eta batez ere elkarrizketa simuladoreek, ez dute ezer hautematen. Emaitza baztergarria izan liteke ordezko egokiagoa. Hala ere, ez ahaztu LLMen emaitza guztiak direla probabilistikoki sortutako testu sintetikoa. Sistemarentzat ez dago funtsezko alderik testu ‘baztergarria’ eta ‘ez baztergarriaren’ artean. Ezberdintasun hori pertsonek baino ezin dute identifikatu.

Batzuetan eskapatzen zaizkigu esaldiak, software sistemek bizitza emozionala dutela ulertzeko bidea eman dezaketenak. Ez dago proposamen zehatzik alor honetan, ez bada oinarrizkoena gogoraraztea: ordenagailuek ez dute emoziorik, horren itxurak egiteko programatu arren.
Kategoria honetan sarri aurki daitezke sistema automatikoak (batez ere testu sintetikoak estrusionatzeko makinak), komunikazio egoeretan dauden pertsonekin parekatuta. Clauderi zerbait eskatzen badiogu, hor Claude ‘solaskide’ gisa kokatzen dugu. ‘Galdetu’, ‘esan’, ‘informatu’ ‘hitz egin’ bezalako hitzak baino, erabili ordenagailu bai dagozkion hitzak: sarrera, irteera, emaitza, agindua… Beste estrategia bat izan daiteke simulazioa argitara ekartzea.
Adibidez:
Prompt, agindu, eskari… → testu-sarrera
Erantzun → emaitza
Txatbot / elkarrizketa agente → elkarrizketa simuladore
Agentzia edo ekimena makinari ematen dioten esaldiek normalean jendearen helburuak edo interesak ezkutatzen dituzte. Saiatu ekimena jendearengan zentratzen, aditzak kontuz aukeratuz.
Adibidez:
ChatGPTk ikasleei lagundu die → ikasleek ChatGPT erabili dute
Copilotek konponbidea aurkitu du → Copilotek konponbidea erakutsi du
AA agentea → egiaztatu gabeko manipulazio software probabilistikoa
Kasu honetan, sistemak aipatzen ditugu pertsonok hainbat roletan betetzen ditugun rolak egingo balituzte bezala. Horrela, automatizazioaren gabezia guztiak ezkutatzen dira, eta gutxiesten dira jendeak benetan egiten duen lanak eta eraikitzen ditugun harremanak. Sistemei ‘tutore’ edo ‘ko-sortzaile’ deitzea sistema horien ahalmen gain-deskripzioak dira. Lan horietan dabiltzan pertsonak makinekin ordezkatu nahi dituztenen desioak dira, errealitatearen deskripzioa baino.
Aholku orokorra kategoria honetan: zure hizkeran aurkeztu algoritmoak jendeak darabiltzan tresna edo produktu gisa, eta ez gizakion antzeko entitate gisa. Adierazi argi sistemaren funtzionalitateak, jendea ordezkatzeko planaren transmisore bilakatu gabe.
Sistemok aipatzeko erabiltzen ditugun izen eta izenordainek ere software hauek antropomorfizatzen lagun dezakete. Sistemen izenekin zailagoa da, izen horiek produktuen jabeek jartzen dituztenez, oso zaila baita horretan ez jaustea. Hortxe Anthropic-en kasua. Produktuaren izena ‘Claude’ izanda, oso zaila egiten da, esaterako, ‘Anthropicen elkarrizketa simuladorea’ esaten ohitzea.
Gure inguruko erdaretan oso-oso oinarrizko gomendioa da izenordain pertsonalak ekiditea sistema hauei buruz hitz egiteko (él, ella). Baina pluraleko izenordeak erabiltzen oso erraz antropomorfizatzen dira makinak (zuek, guk, haiek…). Halakoetan, komeni da kolektibo horietan propio bereiztea pertsonak eta sistemak.
Adibidez:
Nork du arrazoi, AAk ala nik? → Zuzena al da makinaren emaitza?
Emaitzak lortu dituzte. → Taldeak sistema erabili du emaitzak lortzeko.
‘AA’ eta haren adarretan lanean dabiltzan informatikariek denbora daramate metafora biologikoak txertatzen euren terminologia teknikoan. Hasieran zentzu metaforiko hutsa izango zuten seguruenik, baina orain marketin ikuspegitik erabiltzen dira, benetan dagoena baino antzekotasun handiagoa iradokitzeko. Metafora biologikoetatik urruntzean, galdetu zeure buruari nola deskribatu daitezkeen sistemen funtzioak modu zehatzagoan, irakurleari irudi argiagoa emateko gertatzen ari denaz.
Adibidez:
ereduak datuak kontsumitzen ditu → datuak erabiltzen dira eredua kalibratzeko
sare neuralak → sare haztatuak
Adibide hauek ez dira itxiak, eta nire euskara jakintzaren mugak ezagututa, seguruenik egokienak ere ez dira izango. Baina garrantzitsuena haien atzeko asmoa edo izpiritua da. Hasieran arraro begiratuko digute, baina beharbada garaiz gaude oraindik teknologia honen bueltako marketin hizkeratik ihes egin eta haren irudi errealistagoa emango digun beste bat sortzeko. Eta tira, gutxien-gutxienez an-tro-po-mor-fi-za-tze-a idazten ikasiko dugu!
Sozialki ere neketsua izan daiteke, techbro-ek inposatu diguten korrontearen aurka egitea ez da erraza. Baina oso betegarria ere izan daiteke ingurukoengan jarrera aldaketa txiki bat ere eragitea. Hobe aurrerapen txikiak lortzea, bertan goxo geratzea baino, ala?
Tira, seguru adibide eta proposamen gehiago bururatzen zaizkizula. Hemen gehitu ditzakezu nahi izanez gero. Ikusteko irrikatan nago!!!